Lehenengo marrazkian azaldu nuen moduan, honetan ere ez baiz batere fin ibili, baina ahal dudana egin dut eta ondoren emango dudan azalpenarekin ulertuko duzuelakoan nago. Bigarren marrazki honetan, magisteritza eskolan agertzen naiz ordenagailu baten aurrean haserre edo desesperatu antzean. Ez naiz oso abila ordenagailu eta internet kontuetan eta sarri marrazkian ageri naizen moduan amaitzen dut ordenagailuan zerbait egiten dudan bakoitzean, hara hor nire marrazkiaren zergatia. Aurreko urtean ordenagailua erabili genuen, baina gauza oso basikoak egiteko; word-eko testuak, power point-ak eta kasuren batean movie maker-a. Programa horiekin esan dezaket nahiko ongi moldatzen naizela, baina tarteka arazoren bat edo beste izan dut hala ere. Aurreko urtean esaterako, lan bat amaitu eta USBko birus bat zela edo ez zela lanik gabe geratu nintzen. Gertaera hura gertatu ostean lanak beti emailera bidaltzeko ohitura hartu nuen eta modu horrek oraindik behintzat ez dit hutsik egin. Horrelako uneak dira ordenagailuak eta teknologiak madarikatzen ditudanak. Aurten berriz, ordenagailuak eta internet orokorrean oso presente eduki ditugu ikasgai batean. Hasieran gustura hasi nintzen baina pixkanaka aurrera gindoazen heinean erabat galduta sentitzen nintzen. Batetik, lehendik ere ez neukalako oso esperientzia ona ordenagailuekin eta bestetik, nire partetik ere inoiz ez dudalako inolako interesik eduki ordenagailuekiko. Interes berezirik eduki ez arren, gaur egun behartuta gaude teknologia berrien munduan murgiltzera, beraz hainbat gauza behintzat ikasi ditut. Gehienetan teknologia berriek onurak besterik ekarri dizkigutela esaten duenik bada; egia da puntu bateraino oso erabilgarriak eta erosoak direla, baina arazoren bat dagoenean askotan atzera bueltarik ez dute izaten. Aurrerantzean, pazientzia eta interes gehixeago jartzen saiatuko naiz horrelako kontuetan. Azken finean, lehen aipatu dudan modua, gure lanean ere teknologia berriak egunero izango ditugu ikasgelan presente eta baita haurren eta geure eskolaz kanpoko bizitzetan ere. Beraz, horietan pixka bat trebatu eta beldurrik gabe erabiltzea litzateke nire erronka. Practicuma dela eta, memoria edo lan bat egin beharra geneukala banekien. Hasieran pentsatu nuen, gehienetan entzun dudan “ohiko” memoria horietako bat egin beharko genuela. Baina tutorearekin edukitako bileraren ostean, guztiz asaldatuta gelditu nintzen, gure praktiketako lana blog baten bidez egin behar genuela esan zigunean. Hasieran beldurra sentitu nuela esan nezake, nire burua horrelako lan bat egiteko prest ikusten ez nuelako. Baina, aitortu beharrean nago ez dela horrela izan. Orain arte, eduki ditut uneak ordenagailua blokeatu eta neroni ere amorratuta lana ezin aurreratu aurkitu naizenak. Baina, orain geroz eta hobeto moldatzen naiz ordenagailuarekin eta orokorrean, bi aste hauetan asko ikasi dudala esateko moduan nago. Beraz, nire hasierako haserre eta egonezinak baretzen hasiak dira.
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario