Paperzorroa

Kaixoo guztioi!!

Laida Elizegi Armendariz naiz, 20 urteko gazte zaldibitarra. Haur Hezkuntza ikasten ari naiz Donostian eta bigarren kurtsoan nago. Blog hau irekitzearen arrazoia, lehenengo praktikuma izan da. Blog honetan, praktiketan bizi izan ditudan esperientzia ezberdinak, eguneroko dinamikak, hausnarketan, etab. azaldu nahi izan ditut. Orain, guztia amaituta dagoenez, paradatxo bat egin eta hausnartzeko unea dela iruditzen zait. Urriaren 24tik, praktikak hasi genituen egunetik, martxan egon den blog hau borobiltzeko asmotan egindako lan guztiaren laburpentxo bat egiten saiatuko naiz atal honetan eta amaitzeko ateratako ondorio orokor batzuk azalduko dizkizuet.

Praktiketako tutorearekin izan genuen lehenengo bileratik oso galduta eta agobiatuta irten nintzen. Blog bat egin behar genuela bakoitzak, marrazkiak, egunerokoa, hausnarketak... Internet eta ordenagailuen munduan oso aditua ez naizenez, eta horrelako gauzetan pazientzia ere oso azkar agortzen zaidanez, ezin nuen asimilatu eta onartu egin behar genuen lan hori. Hala ere, pixkanaka pixkanaka nire haserrealdia baretzen joan zen eta blogaren mundu honetara ohitzen joan nintzen.

Egin beharreko lanak lasai aztertu nituen eta horrelaxe hasi nintzen egunero egunero tantaka tantaka blog hau osatzen. Ondo baderitzozue, blog honetan aipagarriak iruditzen zaizkidan atalak azalduko dizkizuet:

  • Egunerokoak. Atal honetan, ikastetxeko eguneroko dinamikak eta aurrera eramaten genituen jarduerak azaltzen dira. Horrez gain, eguneko gauzarik aipagarrienak eta bitxienak ere ageri dira. Atal honek balio handia duela iruditzen zait, egunero ordenagailuaren aurrean jarri eta bizi izan duguna gogoratzeak asko balio duelako eta geletako egunerokoa ezagutzeko ere baliagarria delako.
  • Astea pasatzen zenean edo horretarako beharra nuenean, lasai eseri eta igarotakoaz hausnartzeko tartea hartzen nuen. Ideia guzti horiek hausnarketak deituriko atalean bildu ditut eta denbora pixka bat igaro ondoren berriro irakurtzea egokia dela iruditzen zait, denbora pasa ondoren gauzak beste modu batera ikusi ditzakegulako.
  • Praktikaldiaren erdia baino gehiago igarota zegoenean, gure taldeko partaide guztiok gertaera baten inguruan eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko aukera izan genuen. Taldekide bakoitzak bere gelan ikusitako gertaera bat azaldu zuen eta ondoren irakasleak bi gertaera aukeratu eta bi taldetan banatu gintuen. Horrela, elkarrikertuz izeneko interneteko plataforma batean gaiari buruz gure iritzia emateko aukera izan genuen. Ariketa hau oso interesgarria iruditu zitzaidan. Nik ere, hiru gertaera aipatu nahi izan nituen eta horiek gertaera erabakigarriak izeneko atalean daude.
  • Lauhileko honetan unibertsitatean IKT asignatura izan dugu eta bertan, beste hainbat gauzen artean, gaur egungo eskolen digitalizazio eta teknologiei dagokienez aurrerapen handiak daudela ikasi dugu teorian. Praktikaldi honek errealitatea horren aurpegi ezberdinak ikusteko ere balio izan dit, izan ere, Urdanetan hiru urtekoek IKTekin ez baitute harremanik. Hau guztia zehaztuta, IKTari buruzko informazioa atalean daukazue irakurgai.
  • Urdanetan Amara Berri sistema erabiltzen dute eta gelak txokoetan banatuta dituzte. Haurrak 4 taldetan banatuta daude eta egun bakoitzean (goizean eta arratsaldean) bi txoko ezberdinetan egotea egokitzen zaio talde bakoitzari. Psikomotrizitateko eta gelako txokoen argazkiak, argazkiak izeneko orrialdean daude.
Aipatu ditudan atalez gain, beste hainbat ere badaude nire blogean, baina nik horiek azpimarratu nahi izan ditut. Beste zerbait irakurri edo jakin nahi baduzue lasai sartu blogean, ateak irekita dituzue eta!

Blogarekin amaitzeko eta esperientzia honi amaiera emateko, ondorio orokor batzuk aipatuko ditut. Lehenik eta behin adierazi nahiko nuke nire hasierako blogarekiko beldurrak uxatu direla eta orain tresna oso erabilgarria dela iruditzen zaidala. Bidaia honi oraingoz hemen ematen diot amaiera, baina etorkizunean edo hurrengo praktiketan erabiltzeko moduan izango naizelako.
Praktiken inguruan, behin baino gehiagotan aipatu izan dudan moduan, esperientzia izugarria izan da. Lanbide hau benetan gustukoa duzun jakiteaz gain, gaur egungo hezkuntza sistema gertutik ezagutzeko aukera eta horren inguruan hainbat gauza hausnartzeko aukera ematen baitu.
Amaitzeko eskerrikasko nire gelako haur eta irakasleari eta baita Urdanetako gainerako irakasleei ere!
Hurrengora arte!! Ondo izan!!