jueves, 17 de noviembre de 2011

Ni praktiketan


3. eta azken marrazki honetan, ni agertzen naiz praktiketako egun batean. Marrazkia ikusita soilik zaila da azaldu nahi dudana ulertzea, beraz jarraian emandako azalpenarekin ulertuko duzuela pentsatzen dut.
Praktiketan hasi aurretik eta praktiketako egun bakoitzean ere, hainbat ideia edo kontuan hartu beharreko aspektu batzuk izaten ditut buruan (hezkidetza, enpatia, hainbat galdera, pazientzia, etab.).
Praktiketan hasi aurretik, irakaslearen jarrerari buruzko hainbat galdera nituen; gurasoekin zein harreman ote zuen, ikasleekiko jarrera, ikasle atzerritarrekiko komunikazioa eta beste hainbat. Galdera edo jakin-min horietako asko eta asko erantzun edo ezagutu ditut.
Nire jarrerari dagokionez, ideia garbi batzuk banituen kasu batzuetan nola jokatu nezakeen laguntzen zidatenak. Hezkidetzari dagokionez, garbi neukan, daukat eta edukiko dut haurrak (neska edo mutilak) pertsona bezala tratatu behar direla eta ez euren sexua aitzat harturik. Praktikaldian, nire aldetik  honetan behintzat saiatu naiz.
Haurrekin ari garenean, enpatia erabiltzea oso gauza garrantzitsua dela iruditzen zait. Izan ere, helduen mundutik eta haurren mundutik gauzak oso ezberdin ikusten dira, beraz une askotan euren lekuan jarri beharrean aurkitzen gara. Batzuetan, oso zaila edo ezinezkoa egiten zaigu hiru urteko haur baten lekuan jartzea, haurrek egiten dituzten gauza asko ulertzen ez ditugulako. Praktiketan, saiatu naiz haurren lekuan jartzen, baina lehen aipatu dudan bezala batzuetan oso zaila izaten da ekintza hori.
Haurrekin edo haur talde batekin egoteko beste aukera batzuk izan ditut, beraz aurretik banekien pazientzia izatea oso balio garrantzitsua dela. Egoerak eta egoerak daude, baina ni pazientzia handiko pertsona kontsideratzen naiz orokorrean. Baina, orain ohartu naiz nire amak arrazoi duela “pazientzia agortu” egiten dela esaten duenean. Egoera hori, hau da, haur batekin pazientzia agortzearena, bizi izan dut praktikaldi honetan; baita irakasleak ere.
Unibertsitatean ikasitako teoria ezberdinak, une batzuetan ongi etortzen dira, baina beste askotan ahaztu egiten garela ohartu naiz. Une asko izaten dira, batere pentsatzeko betarik gabe erreakzionatu behar duzunak eta horrelako momentuetan guztiz ahazten gara, teoria eta geure balore hezitzaile gehienekin.
Lehenengo praktika hauetan, etorkizunean lan egingo dugun esparrua bertatik ezagutzeko aukera izan dut eta izugarrizko esperientzia izan da. Aurrez pentsatu edo espero ez nituen une ugari bizi izan ditut. Lehenik eta behin, irakasleak eta haurrek egindako harrera egokia, Haur Hezkuntzako irakasleen prestutasuna, 3 urteko irakasleen arteko harreman “sanoa”, jolas orduetan praktiketako beste ikasleak, 3 urteko hiru irakasleek eta nik eduki dugun “katxondeo edo giro polita”… Haur batek lehenengo aldiz “andereño” esan zidan unea ere izugarria izan zen niretzat, zirrara berezi bat sentitu nuen, handik aurrera gehiagotan ere esan didate, baina lehenengo aldi hartan “arraroa” eta guzti egin zitzaidan. Izugarrizko bizipenak gordetzen ditu lehenengo praktikaldi honetatik eta geure ikas prozesuan pisu handia hartu duen hilabetea izan da. Azken finean, gauzak eginez ikasten baitira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario