viernes, 25 de noviembre de 2011

Azken eguna!!!

Gaurkoa azken eguna izan da. Konturatzerako hilabete igaro dugu praktiketan, horrelaxe jarraitzea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez amaitu zaigu aukera hau eta berriro unibertsitatera bueltatu beharra daukagu. Gaurko eguna besteen antzekoa izan da; kolektiba, ipuina, txokoak, ataria eta ataritik bueltan abestu egin dugu. Gaur, ezkeneko eguna izanik, praktiketako beste ikasleak eta nik bizkotxoak egin ditugu eta atarira atera aurretik 3 urtekoen hiru geletako haur guztiak gela batean elkartu gara geuk egindako bizkotxoa jateko. Haurrak pozik egon dira eta baita gu ere. Ondoren irakasleen gelara joan gara, sobratutako bizkotxoa eta pasta kaxa bat eramatera, gure esker ona adierazteko.
Irakasleak, karpeta batean sartuta gelan atera genuen argazkia plastifikatuta eta haurrek egindako marrazkiak eman dizkit; izugarrizko ilusioa egin dit oparitxoak.
Arratsaldean, haurrek txokoetan libreki ibiltzeko aukera izan dute eta ondoren beste gelakoekin batera "Hirukien" bideo bat ikustera joan gara bideo gelara. Bideoaren ostean atarira; atarian izugarrizko tristura sentitzen hasi naiz eta ez nuen amaitzeko ordua iristerik nahi. Jolas orduaren amaiera aldera, gure gelako haur bat etorri da negarrez begi ingurutik odoletan zegoelarik, izugarrizko inpresioa egin dit haurra horrela ikusteak. Irakasleak barrura eraman du eta aurpegia garbitzean ohartu gara begi inguruan arramazkara bat egin diotela eta bertatik ari zela odola botatzen. Arramazkara hori gure gelako beste haur batek egin dio eta irakaslea asko haserretu da haur horrekin, gehienetan gainera bera izaten da beste guztiak jotzen dituena. Beraz, amaiera hori ez da oso gozoa izan. Jolas ordua amaitzean gelara igo gara eta bertan haurrei txupatxus bana banatu diet, haurrek muxu txiki bana eman didate eta une hori oso polita izan da. Azkenik, trenean jarri, bera jaitsi eta agur, agur, agur, ikusi arte!!!
Horrelaxe amaitu da lehenengo praktikaldi hau. Benetan izugarrizko esperientzia izan da eta barneratzea kostatzen zaidan arren, amaitu da!

No hay comentarios:

Publicar un comentario