ESKOLA GARAIKO UNE GOZOA
Eskola garaiko lehenengo urteez, egia esan, ez daukat oroitzapen ugari. Gauza solteez oroitzen naiz, esaterako; gelak nolakoak ziren, bertako materiala, irakasleak… Baina ekintza eta gertaera osoak oso gutxi oroitzen ditut, dakizkidan gehienak gainera, argazkiak ikusiz gogoratutako oroitzapenak dira. Hala ere, orokorrean oso oroitzapen politak eta onak dauzkat eskola garaiaz.
Gogoratzen dudan ekintza edo une gozo bat, bost urte egin nituen egunekoa da. Gure ikastetxean, urteak betetzen genituenean, ikasle bakoitzak besteentzako zorrotxo batean bokadilo bat eta gozoki batzuk eramaten genituen eta arratsaldeko azkeneko 15 minutuak ikasle horri abestu eta berak zorrotxoak banatzeko eskaintzen genituen. Nire urtebetetzea iristear zegoela, amak esan zidan nire urtebetetzerako gelakide bakoitzarentzat (bederatzi ginen guztira) telazko poltsatxo bat erosi, bakoitzaren izena jarri eta nik gelan banatuko nituela. Amaren ideia izugarri gustatu zitzaidan eta nire urtebetetze eguna iristeko desiratzen egon nintzen gelakideei oparitxo hori banatzeko. Azkenean eguna iritsi zen, baita arratsaldeko 15:45ak ere eta pozaren pozez banatu nizkien gelakideei nire amak egindako zorrotxoak, noski barruan bokadilo eta gozoki batzuekin. Denek eskerrak eman zizkidaten eta ni bezain gustura irten ziren ikasgelatik euren gurasoei erakustera.
Egun horretatik aurrera denei poltsa horretan ekartzen zieten merienda eta horrek ere izugarri pozten ninduen. Urtebetetzeetako ekintza hura beti gustatu izan zitzaidan, baina urte horretakoa oso berezia izan zen.
Beste une gozo bat ere aipatu nahiko nuke. Deskribatuko dudan une hau oso ohikoa izaten da HH eta LH hasierako haurrentzat eta niretzat ere oso une gozo eta ahaztezina izaten zen. Gabonetan, eskola gehienetan bezala olentzero etortzen zen gure eskolara, baina oso ekintza berezia izaten zen. Eskolako haur guztiak ikastetxetik atera eta eskola ondoko parkera joaten ginen olentzero menditik nola jaisten zen ikustera. Egun horretan oso urduri joaten nintzen eskolara, beste haur gehienak bezala. Olentzero menditik jaisten ikusi eta berarekin batera ikastetxera sartzen ginen, bertako sarreran esertzen ginen haur guztiak, olentzero aurrean geneukala eta asteetan zehar esaiatzen aritu ginen gabonetako abestiak abesten genituen. Eskolako zaharrenek txirula jo eta bertsoak abesten zituzten, ondoren, galderen unea izaten zen eta oroitzen naiz haurrek galderak egiten genizkiola olentzerori eta guraso guztiek (haiek ere bazuten aukera eskolara sartzeko) barre egiten zutela, une hartan ez nuen barre haien zergatia ulertzen. Galderak amaitu ostean, haur bakoitzak banan-banan olentzerori gutuna eta muxu bat eman eta hark polboroi bat ematen zigun. Hura bai zela une gozo eta magikoa, olentzerok nire izena aipatzen zuen, muxu eta eskutitza emateko aukera nuen aurrez aurre eta berak gainera polboroi bat oparitzen zidan! Gauza hoberik ba ote garai haietan?
Gaur egun oraindik ere gauza bera egiten jarraitzen dute gure eskolan, olentzero ere ez da aldatu! Orain dela bi urte olentzeroren etorrera hori ikustera joan nintzen eta haurren poz eta irrika hura ikustean, gure txikitako oroitzapenak etorri zitzaizkidan. Galderen garaia iristean, nik ere barre egin nuen haurren pentsamendu eta ateraldiak entzutean.
Praktika garaian saiatuko naiz haurren une gozo horiek identifikatzen, egia esan ez da lan zaila, normalean haurrak oso gustura egoten baitira eskolan eta irakasleon helburuetako bat ere horixe baita. Beraz, benetan gustura sentitzen diren une horiek zein diren aztertuko dut.
ESKOLA GARAIKO UNE TXARRA
Lehen ere aipatu dut orokorrean ez naizela asko oroitzen eskola garaiko gertaerez, oraindik ere zailagoa egiten zait une txar bat gogoratzea. Sarritan entzun diet nire gurasoei oso pozik joaten nintzela eskolara eta bertan ere oso gustura ibiltzen nintzela. Hala ere, pixka bat pentsatzen jarriz gero gertaera bitxi bat kontatuko nuke.
Gogoratzen naiz, izan nuela denboralditxo bat aurpegia pintatzea gustatzen ez zitzaidana. Ez dakit zergatik zen, beldurra ematen zidalako, ametsen bat izan nuelako edo zergatik. Hori horrela, gogoratzen dut inauteri batzuetan elurrezko panpinez mozorrotu ginela eta aurpegia zuriz margotu beharra geneukala. Nik ez nuen nahi izan eta inork behartu ez zidanez, nire gelakide guztiak margotuta eta ni batere margotu gabe irten nintzen. Ni horrela ikusita jende guztiak galdetzen zidan zergatik ez nintzen margotu eta nik ez nekien zer erantzun. Une hori izan zen gaizki pasatu nuena eta oroitzapen txarra dudana. Ez lehen eta ezta orain ere ez dit axola egun horretan denak margotuta eta ni margotu gabe ateratzea, ez nuen nahi eta ez dut arazo bezala ikusten, okerrena zen eta izaten da jendeak esandakoak min egiten digula. Horixe gertatu zitzaidan niri, jendearen jarrerari nola aurre egin ez nekiela.
Orain, buruari buelta batzuk eman ostean, beste oroitzapen txar edo une desatsegin batez oroitu naiz. 4 urteko gelako irakasleak, gure adineko alaba bat zuen eta alabak jai zeukanetan gure ikasgelara etortzen zen. Hasieran denok gustura ibiltzen ginen berarekin jolasean, baina konfiantza hartzen joan zen eta gaiztakeriak egiten hasi zen. Esaterako, irakaslea gelatik ateratzen zen unetan, guraizeak hartu eta gure atzetik korrika hasten zen gu ikaratuz. Bere asmoa ez zen inondik inora ere guri min ematea, baina gu horrela ikusita dirudienez ongi pasatzen zuen. Gertakari hura gertatu zenetik, irakasleak bere alaba etorriko zela esaten zigun bakoitzean larri-larri jartzen ginen gehienak. Horrelako gertaerek orain txikikeriak ematen dute, baina une horietan benetan gaizki pasatzen genuen.
Une gozoak behatuko ditudan bezalaxe, une ez hain gozo edo txarrak identifikatzen ere saiatuko naiz. Ea une horiek errepikakorrak ote diren eta pairatzen dituen pertsona ere beti berbera ote den behatuko dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario