jueves, 27 de octubre de 2011

Eguneroko martxa!

Hirugarren egun hau ere ederki igaro da. Aurretik ez dut aipatu eta zenbat neska eta mutil dauden aipatu nahiko nuke; guztira 18 ikasle dira eta horietatik 11 neskak eta 7 mutilak dira. Datu hau besterik gabe aipatzen dut, informazioa ematearren. Haur atzerritarrei buruz beste batean hitz egingo dut.
Goizean egunero legez, kolektiba egin dute. Ondoren, "Ohianeko lagunak" ipuinaz baliaturik, irakasleak pista batzuk eman eta haurrek zein animaliagatik ari zen asmatu behar zuten. Ipuinekin amaitzeko, gaurko arduradunak Txanogorritxuren ipuina kontatu die gainontzeko ikasleei.
Haurrek batzuetan etxetik jostailuak ekartzen dituzte eta kaxa batean sartzen dituzte. Ipuinak amaitzean, kaxako jostailuak hartu eta banan banan behatu dituzte. Kolorea, forma, taimaina... eta antzeko aspektuak azpimarratuz.
Hori amaitzean; txokoetan ibili dira eta gauza guztiak jasotzeko garaian, irakasleak momentutxo batean joan behar zeukala esan dit eta bakarrik geratu naiz haurrekin. Txokoak txukun txukun utzi ostean, ardunadunari gailetak banatzeko eskatu diot. Berehala etorri da irakaslea, bakarrik geratu naizen unean eroso sentitu naiz haur guztiekin. Gailetak jan ondoren, atarira jaitsi gara. Ataritik bueltan, pare bat abesti kantatu eta bazkaltzera!
Arratsaldean, lehenengo entzuketak egin ditugu. Ondoren, ikasle batek ekarritako ipuina irakurri du irakasleak.
Ostegun arratsaldetan, "boletara" joatea tokatzen zaie, beraz, goiko gelara igo eta hantxe ibili dira gustura jolasean. Psikomotrizitatea eta "bolak" ez dira gauza bera, psikomotrizitaterako beste gela bat dute. Baina ikasle asko daudenez, soilik astean behin joateako aukera dute psikomotrizitatera. Horregatik beste gela txikiago honetara joateko aprobetxatzen dute asteko arratsalde bat. Gela honetan, goizetan 2 urteko ikasleak egoten dira, baina irakasleak dioenez oraindik ere 3 urtekoentzako egokia da eta gustura ibiltzen dira. Gaur frogatu ahal izan dut hori, izugarri gustura ibili baitira! Nahikoa jolastu ostean, pixka bat lasaitzeko, "Lokomotora txikia" bideoaren zati bat ikusi dute. Hori amaitzean, gelara jaitsi, txamarrak jantzi eta etxera! Horrelaxe bukatu da gaurkoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario