miércoles, 26 de octubre de 2011

Bigarren eguna

Gaur, asteazkena, praktiketako bigarren eguna izan da. Lehenengo eguneko urduritasunak ahaztuak nituen eta gogotsu joan naiz ikastetxera. Aurreko egunean etorri ez ziren ikasleak ezagutu eta asteari jarraipena emateko asmoan.
Egunero legez, arduraduna nor zen ikusi eta kolektiboari ekin diote. Kolektiboaren helburua, batez ere hiztegia lantzea da (eguraldia, zenbakiak, bakoitzaren izena, hizkiak...). Kolektiboa amaitu ostean, irakasleak "Pinttoren urtebetetzea" liburua irakurri die haurrei. Ikasgelan lantzen eta irakurtzen dituzten ipuin guztiak, salbuespenen bat kenduta, irakasleek eurek egindakoak dira. Ipuina amaitzean, txokoetan ibiltzeko garaia heldu da.
Pixkanaka idazketa eta irakurmena lantzen ari dira. Esaterako, antzerkiaren txokoan, txanogorritxuren antzerkia egiteko esznatokia prestatzen ari direnez, tenperak erabiliz txandaka berdez margotzen ari dira. Bitartean, txoko horretako gainontzeko haurrek, euren izena idatzita duten txartela hartu eta arbeltxo batean, hizki mobilekin (iman bat duten hizkiak dira) txarteltxoan idatzita duten izena idazten dute.
Txokoak amaitzean, U forman jarritako zeloaren gainean eseri eta arduradunak gailetak banatu dizkie. Gailetak jan eta ura edan ostean, atarira jaitsi gara. Atarian haserrealdiren bat edo beste gertatu da gaur; bai gelakideen artean eta baita ikasle zaharragoekin ere. Haserre hauek oso ohikoak izaten dira jolas orduetan, haurrak askeago eta irakasleen begiradetatik urrunago ibiltzen direlako. Jolas ordua bukatu denean, haurrak eueren txokoan bildu dira eta trena osatuz gelara igo gara.
Gelan, haur batek txanogorritxuren ipuina kontatu die gainontzeko ikasleei. Ekintza hau txandaka egiten dute, ondoren antzezlana egiteko haurrek testua ikas dezaten. Ipuina kontatu eta gero, berriro trenean jarri eta behera jaitsi gara; autobusekoak autobusera, jangelakoak jangelara eta etxekoak kanpora gurasoengana.
Arratsaldean, lurrean eserita jarri eta irakasleak cd bat jarri du. Haurrek, cd-an esandakoa errepikatu behar zuten. Ekintza hori bukatzean, ipuina cd batean entzuten zuten bitartean, irakaslea ipuineko marrazkiak erakusten joan da.
Ondoren, hiztegia landu dute; gaur koloreak errepasatzen aritu dira. Txokoetara joan aurretik egin duten azken ekintza, arroxaliren ipuina irakurtzea izan da. Ipuinaren ondotik, txokoetan ibili dira ikasleak. Txokoetatik atarira irten gara eta bertan ordu erdiz ibili ostean, gelara igo, trenean jarri eta gaurko egunari amaiera eman diogu.
Gaurko eguna ere ederra izan da!

No hay comentarios:

Publicar un comentario