sábado, 29 de octubre de 2011

Ni eskolan



            Marrazkia azaltzen hasi baino lehen, oso gaizki marrazten dudala aitortu beharra daukat. Saiatu arren ez dut lotzen marrazki txukun bat egitea. Hori garbi utzirik, nire lehenengo marrazkia azalduko dut.
            Marrazki horretan haur batzuk, tartean ni, ikasgelako mahai baten inguruan agertzen gara jaten. Ez dakit ziur ze adinetan, baina bost edo sei urterekin eskolako sukaldera joaten ginen tarteka postreren bat prestatzera. Ikasle guztiak eta irakaslea joaten ginen sukaldera; bertan, errezeta irakurri, osagaiak mahai gainean jarri eta tokatzen zen errezeta prestatzen genuen. Batzuetan flana, besteetan magdalenak, bizkotxoa, etab.
            Egin beharrekoa bukatu ostean, gelara joan eta mahai batean eserita jaten genuen geuk prestatutako postrea. Denok probatu behar izaten genuen egindakoa, batzuei ez zitzaien gustatzen egindako errezeta, baina hala ere denok probatu behar izaten genuen, zati txiki-txiki bat bazen ere.
            Gogoratzen naiz, flana egin genuenean gelakide batzuei ez zitzaiela gustatzen flana eta irakasleak probatzera behartzen gintuenez batzuek oso gaizki pasatu zutela egun horretan. Egun horretako argazki bat badaukagu eta bertan agertzen diren aurpegiek garbi adierazten dute gogoz kontra jan zutela batzuek.
            Flanaren salbuespena kenduta, beste guztietan oso gustura jaten genuen prestatutakoa. Gainera izugarrizko satisfazioa zen geuk prestatua zela jakitea eta goxoa zegoela konturatzea. Egunen batean egindakotik sobratzen bazitzaigun urtebete gazteagoak zirenei ematen genien sobratutakoa eta haiek ere gustura hartzen zuten. Ikastetxetik ateratzean, gurasoei esaten genien aurreneko gauza gure errezetaren berri ematea izaten zen.
            Sukaldeko ekintza hau hilabetean behin edo gutxiagotan egiten genuen eta horrek pena ematen zigun, izugarrizko esperientzia baitzen guretzat. Zaharragoak ginenean, 3. mailan edo geundenean, ostiral arratsaldetan tailer ezberdinak egiten genituen; irratia, josketa, margoketa… eta tailer horietako bat sukaldaritza zen. Ikasle gehienok sukaldaritza tailerra noiz tokatuko zain egoten ginen.
            Egia esan, sukaldaritza haurrekin lantzea, beste hainbat gauza bezala, oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Haurrak helduen munduan baileude bezala sentitzen direlako, autonomia lantzen delako eta amaierako “saria” duelako. Haurrei azken emaitza hori zerbait fisikoa bada, hau da; ukitu, jolastu edo kasu honetan jan daitekeen gauza bat bada, izugarrizko ilusioa egiten die. Hala ere, irakasle gehienen kasuan ekintza hau egitea zaila daiteke, 25 haur ezin dituzulako sukalde batean sartu, han gertatu daitekeenagatik. Txandak egitea litzateke hoberena, baina horretarako beste irakasle baten laguntza behar da eta hori ere zaila dago gaur egun. Gure kasuan, bederatzi ginenez ederki moldatzen ginen. Egunen batean, salbuespenen bat gertatuko zen; zerbait hautsi, baztarrak zikindu… baina hori normala izaten da eta ez dut uste irakaslea ere asko harrituko zenik horrelako gertaerekin.
            Espero dut, nire marrazkiaren nondik norakoak ulertuko zenituztela eta ea hurrengo marrazkian finago ibiltzen naizen eta pixkanaka nire gabezia hau osatzen joaten naizen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario