Astebete igaro da eta hausnarketaren bat egiteko garaia dela uste dut. Errepikatzea izango da, baina berriro aipatu nahiko nuke ikastetxean oso gustura sentitzen naizela, bai irakaslearen aldetik eta haurrek ere, gelako beste kide bat bezala hartzen nautela iruditzen zait.
Egunerokoetan ez dut etorkinei buruzko aipamen berezirik egin, baina aipatu beharreko puntu bat dela iruditzen zait. Orokorrean ikastetxe osoa harturik, jolas orduetan ikusi dudanagatik eta irakasleek aipatu didatenagatik, etorkinen kopurua izugarria da. Errealitate hori, gure gelan ere nabarmena da; 18 ikasleetatik, 9 etorkinak dira.
Etorkinetatik, bi edo hiruk soilik menperatzen dute euskara. Honek, zailtasunak sortzen ditu gelako dinamikak aurrera eramateko garaian. Gelan ikasitako abestiak kantatzen dituztenean, ohartu naiz hemengo haurrak eta etorkinetako bat izaten direla abesten dutenak.
Honekin adierazi nahi dudana da, gelako ikasleek oso erritmo ezberdina dutela. Batzuk euren izena identifikatu, hizki mugikorrekin idatzi eta beste hainbat gaitasun badute. Beste askok berriz, oraindik ez. Etorkinetako batzuk, gelako errutinak mantentzeko ere ez dira gai oraindik; lurrean eserita geldi egoten, ipuinak kontatzean entzuten, tokatzen zaien txokoan egoten, etab.
Ezberdintasun hauek gela guztietan egongo dira eta horrek, irakasleak haur bakoitzarekin modu ezberdinean jokatzea eragiten du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario