Lehengo praktikaldi hau, Ordiziako Urdaneta eskolan burutzen ari naiz, 3 urtekoen gelan (18 ikasle daude). Izugarrizko esperientzia izan da gure formazio profesionalerako eta pertsonalerako ere baliagarria izan da. Irakaslea, haurrak eta gurasoekin egunerokotasunean aritzean izugarri ikasten da eta gaur egungo benetako errealitatea ezagutzen da.
Askotan entzun izan dugu, gaur egun haurrak baino gurasoekin arazo gehiago izango ditugula. Hau egia da askotan betetzen dela eta ikusi arte ezin da sinetsi zer nolako gauzak esan eta egiten dituzten gurasoek.
Unibertsitatean teoria ugari eta egoera ezberdin batzuk ikusi izan ditugu, ondoren guk irtenbidea edo nola jokatuko genuen esateko. Kasu horietan haur batengan pentsatzen dugu eta denbora daukagu zer egin ondo pentsatzeko. Baina, eskoletan hori ez da horrela, arazoa duen haur horrez gain, beste 17 ditugulako gure esku eta erreakzionatzeko denborarik egoten ez delako. Beraz, burura etortzen zaigun lehenengo ideiaren arabera jokatzen dugu, beti formak mantenduz noski!
Arazoak sortzen diren arren, haurrek izugarrizko sopresak edo une gozoak pasatzea eragiten dute sarritan. Egunero gelara irribarre batekin sartzea, gauzak nola ikasten dituzten ikustea… gauza izugarria da.
Nik gure gelako haur baten kasua aipatu nahiko nuke (blogean aurretik ere aipatu izan dut). Praktiketako lehenengo egunean, haur hau (Juanita), ez zen etorri eskolara eta irakasleak esan zidan “ui! Oraindik ez duzu hoberena ikusi!”. Hori esan zidanean haur hori ezagutzeko gogoa piztu zitzaidan, hainbat galdera neuzkan buruan (nor ote da ba?, zergatik esan ote dit hori?, zer egiten ote du ba?...). Galdera horiek ez zuten asko iraun nire barnean, hurrengo egunean ezagutu bainuen. Juanita, jatorriz nigeriarra da, aurreko urtean Murtzian bizi izan zen eta eskolaratuta egon zen eta Ordiziara urriaren hasiera erdi aldera etorri zen.
Haurrak gelara sartu bezain laster, lurrean U forman jarrita dagoen zintaren gainean eserita jartzen dira. Juanita berriz, alde batera eta bestera ibiltzen da korrika, jostailuak ateratzen, zarata ateraz … irakasleak eta nik esertzeko esaten diogu, baina alferrik izaten da, berak berean jarraitzen du. Berak nahi izaten duenean esertzen da, baina aspertzean berriro altxatzen da. Zerbait esaten diozunean edo berarekin hitz egin nahi duzunean, berak beste aldera begiratzen du eta ez du jaramonik ere egiten. Jarrera horrekin gelako dinamika guztia apurtzen du, irakasleak kanpora ateratzen du eta bertan erdaraz hitz egiten dio (besteen aurrean ez egiteagatik erdaraz); kanpoan dagoela “si, si” esaten omen dio, baina gelara sartzean dena ahazten zaio eta berean jarraitzen du.
Askotan pentsatu izan dugu, berari jaramonik ez egin eta guk egiten ari garen horretan jarraitzea. Baina askotan ezinezkoa izaten da, zarata ateratzen duelako eta haurren arreta bereganatzen duelako. Behin edo bestetan, irakaslearen pazientzia agortzean, kanpora atera izan du zigortuta.
Hau gehienetan kolektibetan gertatzen da, txokoak tokatzen direnean nahiko lasai ibiltzen da; askotan berari egokitzen ez zaion txokoan ibiltzen da baina tira!
Azken aldian, negarrari ere oso erraz ematen dio eta ez dut aipatu baina etxean ere arazoak omen dituzte. Etxera autobusez joaten da eta egunero negar batean joaten da autobusera, etxera joan nahi ez duelako. Auskalo ze panorama duen etxean! Kanpoan, haurren zain egoten diren gurasoak ere jada galdezka hasi omen dira Juanitari zer gertatzen zaion.
Jangelako arduradunak ere etorri dira irakaslearengana Juanita oso gaizki portatzen dela esanez. Bere anaiak 4 urte ditu eta honen jarrera ere arrebarenaren antzekoa omen da. Jangelara bidean, ihes egiten saiatzen omen da batzuetan.
Aurreko astean egun batean, ikastetxeko kontsultora etorri zen gure gelara irakaslearekin hitz egitera Juanitari buruz. Juaniktak, beste ahizpa bat dauka LHko lehenengo mailan, eta hark etxeko egoerari buruz hitz egiten omen du batzuetan eta benetan egoera latza dutela azaldu zuen kontsultorak.
Irakasleak dio, oraindik ez dela denbora asko pasa eta bere jarrera aldatuko duen esperantza dauka, bestela zerbait egin behar dagoela dio. Azalpen honekin edo hitzez azalduta zaila da egoera imajinatzea, hau ere ikusi arte ezin baita sinetsi.
Etxeko egoerak eragiten ote dio jarrera hori? Denboraren kontua ote da? Egia da hizkuntzak ere ez diola asko laguntzen eta agian ohitura berriak berneratzean eta hizkuntza gehiago ezagutzean gauzak aldatu daitezkeela. Baina, horrelako haur batekin zer egin beharko genuke?
No hay comentarios:
Publicar un comentario