Gaurko eguna, atzokoarekin konparatuz gero, nahiko lasaia izan da. Egunero bezala gorabeherak egon dira, baina aparteko ezer ez.
Goizean kolektiba landu dugu, semaforoei buruzko ipuin bat irakurri du irakasleak eta ondoren haurrek ekarritako jostailuak ikusi ditugu. Haur batek, jostailuen aldizkari bat ekarri du eta haurrak segituan hasi dira olentzerori hau eta bestea eskatu behar dietela esanez.
Kolektibaren ostean, txokoetara joan dira haurrak, txokoak jasotzean gaileta jan eta atarira jaitsi gara. Atarian kulunpioetan eta jolasean ibili ondoren; gelara igo, abestu eta bazkaltzera.
Ez dut behin ere aipatu, baina irakasleak oso ongi kontatzen ditu ipuinak. Berarengandik asko ikasten ari naizela esan dezaket. Ahotsaren aldaketak, testuan jartzen ez dituen zatiak ere kontatzen ditu, haurren parte hartzea eskatzen du batzuetan... oso teknika egokiak erabiltzen dituela iruditzen zait.
Arratsaldean, koloreak errepasatzen aritu gara eta ondoren bi ipuin irakurri ditugu. Ipuinen ostean, haur bakoitza bere txokora joan da. Margotegi txokoan, gaur haur bakoitza bere karpeta tenperekin margotzen hasi da; gabonetako oporretan egindako lanak etxera eramateko.
Txokoetan ibili ondoren atarira jaitsi gara eta handik bueltan txaketak jantzi eta etxera!
No hay comentarios:
Publicar un comentario