Gaurkoa izan da praktiketako lehen eguna. Ikastetxera sartu aurretik urduri negoen, baina ikastetxera sartzean, praktiketako bi ikasleak, ikasketa burua eta 3 urtekoen irakasleak elkartu gara. Praktikak 3 urtekoekin egin behar genituenez, ikasketa buruak gure tutoreak aurkeztu dizkigu eta berehala hasi gara hizketan. Une horretan asko lasaitu naiz, oso irakasle jatorrak tokatu baizaizkigu.
Nire tutorearekin goiko pisura igo naiz eta bertan irakasle gela erakutsi ostean gure gelara sartu gara. Bertan itxaron diegu haur guztiei eta hauek pixkanaka-pixkanaka hasi dira gelara iristen. Gelara sartu bezain laister, ikasleak U forman jarritako koloredun zelo baten gainean jartzen joan dira eserita.
Ikasle gehienak heldu direnean, kolektiba egin dute (errutina bezala ezagutzen duguna). Gaurko arduraduna nor den ikusi eta honek zerrenda pasa, eguraldiari erreparatu, jangelako menua adierazi... eta beste hainbat jarduera burutu ditu. Hori bukatu ostean, ipuina jorratzeari ekin diote (Txanagorritxuren ipuina). Gaur irakasleak irakurri die ipuina eta ikasleek tarteka irakasleari laguntzen zioten esaldi bat edo beste esanez. Ipuin berdina egun batean baino gehiagotan lantzen dute, amaieran ikasleek antzeztu egiten baitute.
Ipuina amaitzean, txokoetan ibiltzeko garaia heldu da. Eguneko arduradunak txokoetan jolasean hasteko agindua eman ostean, ikasle bakoitza dagokion txokora joan da. Ikasle bakoitza animalia bat da (behia, tximeleta, balea eta elefantea) eta txoko bakoitzean animalia horietako baten marrazkia zegoenez ikasle bakoitzak bazekien zein txoko tokatzen zitzaion gaur. Txokoei dagokienez; etxe txokoa, marrazketa txokoa, antzerki txokoa eta eraikuntza txokoa daude. Txokoetan 20 minutu inguru ibili ostean, berriro lurrean eseri eta arduradunak gailetak banatu ditu. Gailetak jan ondoren, ura edan eta jolas tokira jaitsi gara. Jolas tokian 3 urteko gainerako ikasleak, 4 urtekoak eta 5 urtekoak elkartu gara. Bertan ordu erdi pasa ibili dira haurrak jolasean. Jolaserako parke txiki bat dute, baina aparteko materialik ez dute ateratzen. 5 urtekoek atera dituzten soka eta baloia izan ezik.
Jolas orduaren amaitzean, ikasle bakoitza bere gelari dagokion txokoan elkartu eta irakasleak ikasleak zenbatu ostean gelara igo gara. Gelan, jangelara joan behar zirenek mantalak jantzi dituzte. Azken 10 minutuetan pare bat abesti abestu dituzte eta 12ak jotzean berriro ilaran jarri eta behera jaitsi gara. Beheran, jangelakoak bertako arduradunarekin joan dira eta etxera joan direnak kanpora irten dira, bertan baitzeuden gurasoak zain. Horrela amaitu da gaurko goiza.
Arratsaldean, irakasleak goizean aipatu didan moduan, 4 eta 5 urtekoei ingelera erakusten dien irakaslea etorri da gure gelara. Irakasleek legez astean 2 ordu dituzte haurrekin egon gabe bestelako lanak egiteko, beraz ordu horiek betetzera etorri da beste irakaslea.
Lehenengo lurrean U forman eserita abestu egin dugu, ondoren "Arroxali ikastolara" ipuina irakurri die irakasleak haurrei eta hori amaitzean txokoetan jolastu dira. Animaliak txoko batetik bestera mugitu ditu arduradunak, beraz goizeko txokotik aldatu dira haurrak. Txokoetan ibili ostean, atarira irten gara. 16:15ean gelara igo, txaketak jantzi eta irten dira haurrak gaurko eguna bukatutzat emanik.
Egia esan, lehenengo egun hau oso esperientzia ona izan da eta izugarri gustura sentitu naiz, bai irakasleak transmititu didan konfidantzagatik eta baita haurrek egin didaten harrera onagatik ere. Bihar jai denez, asteazkenean kontu gehiago!
No hay comentarios:
Publicar un comentario