jueves, 22 de diciembre de 2011

Metahausnarketa

Blogean idatzi beharrekoak idatzi ondoren eta egindako lan guztia irakurri ostean, azken hausnarketa egitea gustatuko litzaidake.
Argi dago praktika hauetan zehar egin dugun lana izugarria izan dela; alde batetik informazioa transmititzeko bide berri bat ezagutu eta aplikatu ahal izan dugu gure lanean, hau da, bloga. Bestetik, betirako sarean gordeta egongo den informazioa izango da, beraz nahi dugunean erabili ahal izango dugu eta beste praktikumak egiten ditugunean ezberdintasunak eta aurrerapausuak ikusteko oso erabilgarria izango da.
Mahai-inguruan atera zen gaietako bat aipatu nahiko nuke, honakoa izan zen: unibertsitateko ikasketek zerbaitetarako balio ote zuten eztabaidatzen aritu ginen. Honen aurrean adierazi nahiko nuke behin ere ez dela gaizki etortzen gauza edo teoria ezberdinak ezagutu eta ikastea. Denok dakigun moduan, errealitatea oso ezberdina da eta sarritan ezin gara teoria horietan oinarritu, baina nik uste dut teoria ezberdinak jakinda bakoitzak bere teoria propioa eraikitzen duela errealitatean erabiltzeko. Unibertsitatea eta errealitatearen arteko distantzia hori murrizte aldera, gauza praktikoagoak eta ikasleen beharretara egokitzen diren jarduerak egitea proposatu zen. Bide hori oso egokia iruditzen zait eta horretan bai ikasle eta baita irakasleek ere esku hartu beharko genukela deritzot.
Amaitzeko esan nahiko nuke, praktikuma oso esperientzia baliagarria eta aberasgarria izan dela eta blog hau egiteak ere (hasieran iruditu ez arren), bere onurak izan dituela. Eskerrak eman nahi dizkiet Urdanetako irakasle eta ikasleei, oso gustura egon naizelako beraiekin eta oso ondo portatu direlako nirekin.

Antzerkia

Txokoak aipatu nituenean, txokoetako bat antzerki txokoa zela esan nuen. Antzerkiari garrantzia handia ematen diote Urdanetan, hiruhilabete bakoitzean ipuin bat lantzen dutelako eta azken ekintza ipuin hori antzeztea izaten delako.
Antzerki hori egiteko, pixkanaka-pixkanaka antzeztokia aipaintzen joaten dira antzerki txokoan dauden haurrak; margotu, puntzoiekin hostoak egin, lainoak, eguzkia, plastilinarekin etxea egin, etab. Honez gain, ipuin horretako pertsonaien marrazkiak ere margotzen dituzte.
Hurrengo argazkian ikusi daiteke hiruhilabete honetako ("Txanagorritxo") antzeztokia aipainduta:

Ebaluazioa

  • Zer da gehien eta gutxien gustatu zaizuena?
Oso zaila egiten zait, gehien gustatu zaidana eta gutxien gustatu zaidana zer izan den esatea. Gustatu zaizkidan gauza ugari daude: irakasleak erakusteko eta ipuinak irakurtzeko duen modua, haurrekin duen harremana... ikasleen aldetik, egin didaten ongi etorria eta betidanik ezagutuko banindute bezala jokatu dutela izan dira. Horrek izugarri laguntzen du ikasgelako egunerokotasunean murgiltzeko. Gutxien gustatu zaidana aipatzea zaila egiten zait. Baina zerbait aipatzekotan, iruditzen zait jolas orduetan haur gehiegi elkartzen direla atarian. 3, 4 eta 5 urteko haur guztiak elkartzen dira, adin bakoitzerako atariaren zati bat hartuta daukate gutxi gora behera, baina oso zaila izaten da hainbeste haurren artean zure haurrak kontrolatzea. Eguraldi txarra egiten duenean gainera oso zati txikia daukate estalita eta ia ezinezkoa izaten da haur guztiak bertan mantentzea. Baina hori baliabide faltagatik gertatzen da.

·         Nola izan dira ikasle eta irakasleekin harremanak? Nola manejatu zara emozionalki bai irakasle eta ikasleekin?

Irakasle eta ikasleekin harremana oso ona izan da. Lehenengo egunetik gelakoa banintz bezala sentiarazi ninduten eta irakaslearen aldetik ere laguntza eta prestutasuna erabatekoa izan da. Tutoreaz gain, ikastetxeko beste irakasleekin ere harremana ona izan da eta beste gela batzuk ikusi eta bertan laguntzen aritzeko aukera ere izan dut.

·         Nola moldatu zarete "irakasle berriak" izanik ? Arazoak, abantailak, mugak....ç

Irakasle berri moduan oso gustura sentitu naiz. Gainera, gelako tutorea ondoan edukitzeak babes handia ematen du arazoak edo zalantzak dituzunean. Hasieran, gelako dinamikak ezagutu arte, zalantzak nituen zer puntutaraino esku hartu ahal nuen, haurrei zenbateraino lagundu behar zaien, irakasleak zer muga jartzen dizkien… jakiteko. Baina, lehenengo bi egunetan egunerokotasunaren nondik norakoak ezagutzen dituzu eta segituan ohartzen zara zure lana zein den.

·         Bloga ( egunkaria, argazki, gertaerak, hausnarketa eta abar )...probetxagarria izan dira?

Hasieran blogak beldur pixka bat eman zidan, baina segituan ohitu nintzen erabiltzera eta egia esan egunero lan pixka bat eginez, lan potolo eta polit bat egin dugula iruditzen zait. Etorkizunean erabili dezakegu tresna bat da gainera, bertan urte ezberdinetako esperientziak konpartitzea oso aberasgarria izan daitekeela iruditzen zait.

·         Zergatik izan dira hain erakargarriak egin dituzuen praktikak eta zer ikasi duzu?

Praktikak erakargarriak izan dira gelako beste kide bat bezala sentiarazi nautelako eta gelako eguneroko bizitza horretan izugarri ikasten delako. Gela batean oso haur ezberdinak elkartu daitezkeela eta haur bakoitzak gauza ezberdinak behar dituela ohartu naiz. Sarritan entzun izan dugu gurasoekin lan gehiago edukiko dugula haurrekin baino eta horretaz ere jabetu naiz. Beraz, gurasoekin tratuan aritzeko prestatu beharrean gaudela esango nuke. Irakaslearen aldetik ere gauza asko ikasi ditut; arazoak sortzen dituzten haurrekin nola jokatu, gauzak nola erakutsi, ipuinak nola kontatu (ipuinak kontatzeko modua asko gustatu zait, gorputz espresioa, ahotsaren aldaketak…)etab.

·         Esperientzia hau bizi ondoren motibazioak eta poza ikusiz oraindik jarraitu nahi duzue irakasle izanik?


lunes, 19 de diciembre de 2011

Zer bilatzen dut lanbide honetan?

Mahai ingurua egin genuenean, irakasleak galdera hau luzatu zigun eta honi erantzuna ematea gustatuko litzaidake.
Lanbide honetan sartzeko lehenik eta behin, haurrak gustuko izatea eta pazientzia izatea oso garrantzitsuak direla iruditzen zait. Bi puntu horietan bat egiten dudalakoan nago. Baina horrez gain, lanbide honetara bultzatu ninduen beste arrazoi bat ere bada. Kontuan izan behar dugu, gaur egungo haurrak etorkizuna direla, beraz haur horiek txikitatik egoki hezteak izugarrizko garrantzia du nire ustez. Aspektu horretan lan handia egin beharrean gaudela deritzot eta ni horretarako gogotsu nago!
Beste alde batetik, haurrek izugarrizko bizipoza ematen dute eta euren garapena gertutik bizitzeak ere asko betetzen duela iruditzen zait.
Arrazoi horiengatik aukeratu nituen ikasketa hauek.

Jolasak?

Aste hauetan zehar klasean egin ditugun aurkezpenekin, beste ikastetxe batzuetako errealitateak ezagutzeko aukera izan dut eta jolasen inguruan pentsatzeko parada izan dut.
Ohartu naiz, Urdanetan, irakasleak gidatutako jolasik ez dutela egiten. Praktiketan nengoen bitartean, egunen batean pentsamendu hau pasatu zitzaidan burutik, baina normala zela pentsatu nuen eta ez nion garrantzia handirik eman. Honen arrazoia, hau da, irakasleak jolasik ez proposatzearena ez dakit zein den. Baina, agian haurren irudimena eta iniziatiba bultzatzeko modu bat izan daitekeela iruditzen zait. Hala ere, nik uste dut, hiru urterekin behar dutela bultzadatxo bat eta tarteka jolasak egitea egokia dela.