jueves, 22 de diciembre de 2011

Metahausnarketa

Blogean idatzi beharrekoak idatzi ondoren eta egindako lan guztia irakurri ostean, azken hausnarketa egitea gustatuko litzaidake.
Argi dago praktika hauetan zehar egin dugun lana izugarria izan dela; alde batetik informazioa transmititzeko bide berri bat ezagutu eta aplikatu ahal izan dugu gure lanean, hau da, bloga. Bestetik, betirako sarean gordeta egongo den informazioa izango da, beraz nahi dugunean erabili ahal izango dugu eta beste praktikumak egiten ditugunean ezberdintasunak eta aurrerapausuak ikusteko oso erabilgarria izango da.
Mahai-inguruan atera zen gaietako bat aipatu nahiko nuke, honakoa izan zen: unibertsitateko ikasketek zerbaitetarako balio ote zuten eztabaidatzen aritu ginen. Honen aurrean adierazi nahiko nuke behin ere ez dela gaizki etortzen gauza edo teoria ezberdinak ezagutu eta ikastea. Denok dakigun moduan, errealitatea oso ezberdina da eta sarritan ezin gara teoria horietan oinarritu, baina nik uste dut teoria ezberdinak jakinda bakoitzak bere teoria propioa eraikitzen duela errealitatean erabiltzeko. Unibertsitatea eta errealitatearen arteko distantzia hori murrizte aldera, gauza praktikoagoak eta ikasleen beharretara egokitzen diren jarduerak egitea proposatu zen. Bide hori oso egokia iruditzen zait eta horretan bai ikasle eta baita irakasleek ere esku hartu beharko genukela deritzot.
Amaitzeko esan nahiko nuke, praktikuma oso esperientzia baliagarria eta aberasgarria izan dela eta blog hau egiteak ere (hasieran iruditu ez arren), bere onurak izan dituela. Eskerrak eman nahi dizkiet Urdanetako irakasle eta ikasleei, oso gustura egon naizelako beraiekin eta oso ondo portatu direlako nirekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario